domingo, 28 de abril de 2013

Estazio ezberdinak

         Txikitatik entzun ohi izan dugu bizitza bidai bat dela.
Baina badakizue...Bidaietan beharrezkoak dira geldiuneak, beharrezkoak paradak, estazio ezberdinak ezagutzea. Trenetik jaitsi eta non gauden galdetu. Zer moduz gauden. Gustura al gauden. Eguzkia nahi dugun ala kontrakoa, geriza. Noren gerizpean jarri nahi dugun. Zein diren gure ilusioak. Zer nahi dudan. Zer behar dudan. Zer sentimendu ditudan. Zer emozio....
         
         Galdetu...

        Geldiunea guretzako hartzen dugun denbora da, gure buruarentzat. Nitaz arduratzeko momentua. Berekoi izateko unea. Berekoiak izan behar gara zenbaitzutan, beharrezkoa da. Guk gure burua zaintzen ez badugu, guk gure buruari entzuten ez badiogu, hitz egiten ez badiogu, aholkatzen ez badiogu, nork egingo du?
        
       Maitasunagatik askotan itsutu egiten gara eta ez dugu geldiunea egiteko beharrik ere sumatzen, ez diogu entzuten gure buruari. Aski dugu maiteminduta gaudenean sentitzen den hori. ez doakigu ezer gaizki. Zoriontsuak gara. Bihotzak itsutzen du burua.
        
       Baina benda kentzean konturatzen gara guztiaz. Gure burua zeharo itsututa egon da. Benda kendu eta argiak min egiten die begiei. Min handia. Hilabetetan ilunpean pasa ostean, mina. Iluntasuna eta argia. Denbora gehiegi gure barnera so egin gabe.
        
      Benda kendu dugu. Geldiune indartua. Bidaia zoragarria zirudien horretan emergetziaz trenak geldiunea egin behar izan du euri jasa izugarrien ondorioz. Ezin aurrera jarraitu. Bizitzan euri jasa horiek malkoak dira, eta askatzea ona bada ere egoera honetan oztopo dira aurrera jarraitzeko. 
  
      Gelditu. Hartu arnasa. Ispilu aurrean jarri eta zin egin nire buruari ez naizela berriz ere itsutuko. Sekula ere ez dudala berriro dena emango. Niregan pentsatuko dudala.  Lehenengo ni nagoela eta gero besteak. Ni maitatzen ez banaiz inork ez nauela  maitatuko.
  
      Sinistu hitz horietan....
    
      Zin egin eta lehortu malkoak. Zin egin eta jarraitu bidai zoragari horretan. Baina orain behintzat konturatu naiz zertarako den benetan garrantzitsu geldiune ditxosozko hori.. Batik bat egoera onartu eta aurrera jarraitzeko adina indar hartzeko.

      Erortzea ez da txarra. Txarra ez altsatzea da. Edo bestela esanda, altsatzea da bizitzan garrantzitsuena. Bidaian geldiunea egin eta berriro ere trenera igotzea. Ta aurerra jarraitzea, parada ezberdinak egitea, estazio ezberdinetan.


    

No hay comentarios:

Publicar un comentario